Zer da OpenDeusto?

Kontuan hartuta nolako gizartea ari den sortzen, zientzia eta teknologia paradigma, komunikabide elektronikoak, tresna digital berriak eta erabiltzaileen jokabideak, kontzeptuak euskarri tradizionaletatik komunikazio esparru berrietara modu egokian ekarri beharra ikusten da. Open Deusto ekimenak eredu digital berriei adi egoteko, haien gainean hausnartzeko eta pertsonen onerako erabil daitezen sustatzeko gunea izan nahi du. Asmo handiko proiektua da, identitate digitala sortzera bideratutako ekimen multzo bat, komunikaziorako espazio berriak prestatuko dituena, bertatik elkarreraginean aritzeko, balioak eta gaitasunak lantzeko eta Deustuko Unibertsitatearen inguruan elkarte bat eratzeko.

Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza Eredua

Open Deusto izeneko ekimen honen funtsa Deustuko Unibertsitateko hezkuntza ereduaren filosofian eta edukietan dago, gaitasunetan eta balioetan oinarritutako ikaskuntza-irakaskuntza eredu autonomo eta esanguratsuan
1999an Boloniako Adierazpena egin zenetik, DUk ibilbide luzea egin du irakaskuntzan bikaintasuna lortzeko eta ahalegin horrek eraman du gure unibertsitatea irakaskuntzako bikaintasun horretan nazioartean lider izatera.
DUk bere egin zuen Europar Batasunak Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua sortzeko jotako erronka eta lehenengo unibertsitatea izan zen europar kreditua (ECTS) esperimentatzeko plan pilotu bat martxan jarri zuena bost titulaziotan, 2002-03 ikasturtetik 2009ra. Deustuko Unibertsitatea izan da Europako Batzordeak ematen duen ECTSaren ziurtagiria eskuratu duen Espainiako lehenengo unibertsitatea.
2000-01 ikasturtean, Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Marko Pedagogikoa onartu zuen. Bertan zehaztu ziren jarduera akademikorako oinarriak, irakasleek bete behar duten paper berria eta ikasleek modu autonomo eta esanguratsuan ikas dezaten lortzeko irakas-ikasteredua. Irakas eta ikas jardueraren oinarriak ezarri zituen marko orokor hori argitaratu ondoren, beste helburu batzuk lortuz joan gara, hezkuntzaren bikaintasunera iristeko bidean.

Deustuko Unibertsitateko Hezkuntza Eredua (DUHE) izenez ezagutzen dugun pedagogia ereduak esperientzia (Kolb et al., 1976) eta ignaziotar pedagogia (Gil Coria, 1999) ditu oinarri, barne hausnarketa eta norberaren ikaskuntzaz eta horren ondorioez kontzientzia hartzea direlarik pedagogia horren alderdirik interesgarrienetarikoak. DUHEk bost fase ditu: inguru esperientziala, behaketa gogoetatsua, kontzeptualizazioa, esperimentazio aktiboa eta ebaluazio pertsonala, formatiboa eta sumatiboa.

Gaitasunak

35 gaitasun orokor edo zeharkako biltzen dituen programa bat egin zen. Gaitasunok operatiboki definitu ziren eta bakoitzean hiru menderatze maila ezarri ziren. Maila bakoitza bost adierazleren arabera ebaluatzen da eta adierazle bakoitzak bost deskribatzaile ditu gaitasuna ebaluatzen laguntzen dutenak. Gaitasunen gaineko lan honek bi argitaraldi izan ditu gaztelaniaz eta hainbat dira ebaluazioko eskuliburu hau erabiltzen duten Espainiako eta Latinoamerikako unibertsitateak. Joan den ikasturtean ingelesez ere argitaratu zen. Eta euskarara ere itzuli zen.

Balioak

Duela hogeita hamar urte baino gehiago ekin zion DUk balioak garatzeko ikerrildoari. Gaur egun ere balioak lantzen jarraitzen dugu, Ledesma-Kolvenbach Paradigmatik abiatuta. Bertan balioen lau dimentsio nagusi planteatzen dira:utilitas, iustitia, humanitas eta fides. Paradigma horretatik abiatuta, lanerako plan bat proposatu da lau arlo kontuan hartuta: erakundea, curriculuma, curriculumaz kanpokoa eta ikerketa.
Proiektu horren bidez lortu da Unibertsitateko Elkarte guztia inplikatzea balioen garapenean ikuspuntu desberdinetatik baina proiektu komun eta partekatu batean. Proiektu hori oraindik hasiberri da, baina, lortzen diren emaitzen arabera, komunikazio espazio digital berrietara ekar daitekeelakoan gaude.

OpenDeusto Adierazpena

OpenDeusto Manifesto Logo